zu edo ni.

Ez daukat oso garbi zer zaren niretzat. Noraino lotzen nauzun eta noraino askatu. Noraino zaren arnas, noraino itolarri. Sarritan pentsatu izan dut ez ote zaitudan behar ez bezala elikatu. Behar ez bezala zaindu. ZAINTZA DA IRAULTZA. Zioen norbaitek, eta nik, hormak irauli beharrean sendotu egin ditut zugan sar ez nadin. Nigan sar ez nadin. Beti izan dut denbora edozeinentzat, zuretzan ez ordea. Ez zaitut inoiz nire prioridadeetan sartu eta galdu zaitut jada. Galdu dut zu maitatzeko inertzia, zu kokatzekoa, zu ezagutzekoa. Nola izango naiz ni nire zu-a, nire su-a galdu badut, itzali badut.

AHALAK.

Aurrera joan ahala atzerantz noala iruditzen zait. Gorantza egin nahiean nabilenean beheran bukatzen dudala beti. Beharbada proiektatzen dudanaren kontrakoa da nire patuak duen inertzia, beharbada erakarpen indarrak arerioen kimerarantz narama beti. Batek daki barne mamuek eta neure gatazka propioek ez ote nauten erakartzen…  ez ote naizen zoriontasunaren beldur.

Hutsean.

Amaierak dakar hasiera, edo alderantziz?
Zalantzaz bete da. Desorekaz jositako oreka izan du ardatz orain arte. Oreka, monotonia, ohitura, errutina… Ez du oraindik definizio zehatzik topatu. Ez egonkortasunaren aldaera honek beraz, kolokan ipintzen du bere burua. Aurrez betetako maleta hartu eta husteari ekin dio, bizkarrean daraman motxilaz berdina egitearekin batera. Zalantzan dago, husteari ekin beharrean ez ote duen uzteari ekitea hobe. Utzi, atzean utzi. Hutsetik hutsik hasi behar baita.

Gogoz kontra

 

Gogoz kontra.

Badira gogoz kontrako hausnarketak, subkoszienteak bultzatuak baina koszienteki eginak.

Badira gogoz kontrako horma eraisteak, beharbada beharrak eragindakoak, itolarriaren ondorio, gurean itoko garenaren beldurrez. Euskarri bihurtuko den zerbait edo norbait bilatzen dugu zer eutsi ez dagoela ohartu gabe, zer eutsi behar duen ere ez dakigula. Gehiegi pentsatzea arazoa omen da . Arazoa omen da gure gabeziei arreta jartzea, arazo da antza norberaren burua entzutea.

Entzungor egiteko joera izaten dugunoi ezustekoan harrapatu ohi gaituzte gogoetek. Behar baino gehiagotan gainera, baina nork erabakitzen du zer den behar duguna? Guk geuk hautatzeko baliabideak izan arren, sahieste prozesu baterantz bideratzen dugulakoan nago, sahiestezinak badira ere.

Gaurkoan ere idatzi dut. Baina gogoz kontra.

(h)itzalak

(H)itzalak

Hitz ahalak. Hitz egin ahala gehiago isiltzen naizenaren susmoa dut. Ez baitut hitz egokirik aurkitzen azaleratu beharrekoa azaleratuko duenik. Eta orduan zer? Antzukeriaz jositako hitzak botatzen ditut bata bestearen atzetik, zentzudun zentzugabeak, sinpleak,  helburu batekin baina inongo norabiderik gabe. Beharbada nolabaiteko hustura puntu batera iristen naiz, eta neurri batean barrua askatzeko aukera da, baina nire barnera sartu orduko, zentzurik gabeko, hutsarterik gabeko, diskurtso apal horren arrakalak zenbatzeari ekiten diot gupidagabe. Egoera zikliko honetan zeharo korapilatua dihardut. Esanahiak (h)itzaletan dirauten bitartean.

Itzalak

Itzalak.

Bakartiak, ausenteak, oroitza xamurdunak, zoriona soinean daramatenak, edo biluztu nahi nituzkeenak…. barne guda hutsalen (h)itzalak. Direnak eta ez direnak, hausnarketa antzuak edo bere fruituak ematen dituztenak…. Besterik gabe, itzalen artetik idazteko gogoa, neure itzal propioak argiztatzekotan.